Gure erakusketak

Oraingo erakusketa

Une honetan ez dago aldi baterako erakusketarik ikusgai.

Aurreko erakusketak

Shame. European stories

Haurtzaroan gehiegikeriak jasan zituzten biktimen istorioak
2023.eko otsailaren 16tik martxoaren 15era

Exposición SHAME

Guztioi erasaten digun gaian, adin txikikoek jasandako gehiegikerien gaian, argi egitea xedetzat duen erakusketa.

Europa osoko milaka neska-mutikoren eskubideak eta duintasuna bortxatu egin dituzte. Askotariko testuinguruetan eta era askotara gertatu diren bortxaketak dira.

Gaur egun heldu diren neska-mutiko horiek agertzera ematea izan da erakusketaren nahia. Beren erretratuak, zuri-beltzez ateratako argazki handiak eta beren hitzak iraina, lotsa salatuz: indarkeria jasan dutenak intoxikatzen dituen lotsa bidegabea; gehiegikerien egileek sentitu beharko luketen lotsa eta zoritxarreko egoera hau kudeatzeko gauza ez den Europaren lotsa.

Kontzientziatu; legegintza-aldaketak bultzatu; isiltasuna, estigmatizazioa, zigorgabetasuna, estalketa apurtu, eta baita konplizitatea ere. Horiek ziren erakusketaren helburuak.

Guido Fluri Fundazioak (Suitza) eta Justice Iniciative delakoak antolatutako erakusketa, Simone Padovaniren argazkiekin.

Luis Paret Bilbon

2021.eko uztailaren 9tik urriaren 17ra

Luis Paret Bilbon

Luis Paret eta Alcazar margolaria (Madril, 1746-1799), Goyaren garaikide zehatza, Frantziatik inportatutako estetika rokokoaren ordezkaririk onenen artean zegoen. Bizitza gorabeheratsuaren eraginez, Bilbon bizi izan zen 1779 eta 1787 bitartean. Denboraldi horretan, jarduera bizia izan zuen Hiribilduan eta arte-arrasto itzela utzi zuen bertan. Margotu egin zuen eta, horrezaz gainera, altzari, erretaula eta iturriak diseinatu zituen, toki publiko eta pribatuak apaindu… Seguruenik, bere ekoizpenaren aldirik aberats eta anitzena izan zen.

Erakusketa bikoitzean –Bilboko Eleiz Museoan eta Arte Ederren Museoan banatuta-, Paretek Bilbon bizi zela egindako artelan ugari bildu zen. Horiei, urte haietan Bizkairako/Bizkaian lan egiten zuen beste gorteko hainbat artistaren eta hauen arrastoa jarraitzen zuten lekuko artisten lanak gehitu zitzaizkien. Pareten lana agertzera emateaz gainera, orduan lurraldeak bizi zuen aldaketa estetikoa erakutsi nahi zen, rokokotik neoklasizismorako jauzia egin baitzen eta horretan zeresan handia izan zuen madrildar margolariak.

Eta hainbat jarduera osagarri garatu zen erakusketarekin batera: bisita gidatuak Paret bizi izan zen eta lan egin zuen lekuetara, lehorretik eta ibaitik; Pareten lanen panelak ipini margotu zituen Bilboko txokoetan, margolanetan jasotako lekuak eta gaur egungoak alderatzeko; Paretek diseinatutako iturri bat zaharberritu (Joan Santuak plazan dagoena) eta arte-jardunaldiak biltzar erara aztertutako gaiaren inguruan.